gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko apirilak 26, ostirala
Margaret Atwood
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MARGARET ATWOOD
MARGARET ATWOOD - AURKEZPENA


Andre Orakulu

Margaret Atwoodek bere garaiaren mamia hartu, eta pertsonaiak sortzen ditu. Pertsonaia horiek, aldi berean, korapilatu egiten dira egunez eguneko eginkizun euli-harrapatzailean, XX. mendearen ispilua osatzeraino. Seguraski idazle guztiek —eta nahita alboratzen dut generoaren zehaztapena, Margaret Atwoodek edozein atxikipen feminista ukatzen baitu—, modu agerikoan edo ezkutukoan, helburu bera dute, alegia, beren garaiaren izpiritua antzeman eta besteri igorri, baina oso idazle gutxik lortzen dute hori, ez behinik behin hainbesteko zorroztasunarekin, hainbesteko ironiarekin, eta, paradoxikoki, hainbesteko samurtasunarekin. Aparteko aipamena merezi du haren teknika bikainak, istorioen bilbeak, pertsonaiak, elkarrizketak, tokiak eta egoerak eraikitzeko erabiltzen duenak. Teknika hori guztiz oharkabean pasatzen da, baina ezagutza sakon batez hornituta dago, ez bakarrik literaturaren ezagutzaz, baita haren adar burutsu eta akademikoaren ezagutzaz ere, literatur kritikarenaz, hain zuzen ere, bai kontaketaren keinuari lotutako arazo guztien ezagutzaz ere. Zer kontatu eta nola kontatu galderak nobelaren —nobela onenen— funtsezko kezkak izan dira generoa Cervantesekin sortu zenez geroztik. Halako merezimenduak ikusita, beraz, ez da txiripa bat, Margaret Atwood literatura anglosaxoiko ahotsik garrantzitsuenetakotzat jotzea, eta seguruenik —askoren iritziz— bere herriko onenatzat ere bai. Nobel Sarirako hautagaia izanik, Suspertu (1972) izeneko bere nobela Harold Bloomen kanon mendebaldar eztabaidagarrian —baina ospe-banatzailean— sartzea ikusi du.


Margaret Eleanor Atwood Ottawan jaio zen 1939an, eta Toronto, Radcliffe College eta Harvardeko unibertsitateetan ikasi zuen. Ordurako literatura asko zeraman gainean, ez-ohikoa den bost urteko adinean hasi baitzen idazten, eta 22 urte zituela argitaratu baitzuen Double Persephone bere lehen poema-liburua. 1964tik 1973ra bitartean irakasle aritu zen Kanadako zenbait unibertsitatetan. Gero, Ipar Ameriketako eta Europako zenbait hiritan bizi izana da. Gaur egun etxalde batean bizi da, eta alaba bat du. 1985etik 1986ra bitartean Kanadako ingelesezko Pen Klubeko buru izan da. Ezaguna da, baita ere, eta begirunea ere badiote, Kanadako kultur nazionalismo ezberdinen artean bitartekari lana egiteagatik, eta giza eskubideen alde hainbeste lan egiteagatik. Berak idatzitako literatur lan ugarien artean nobela, ipuina eta literatur saiakera daude. Hamaika sari jaso ditu, horietan azpimarragarriena Welsh Arts Council-en Nazioarteko Saria, 1982an lan osoagatik eman ziotena.

Javier Mina Astiz

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Departamento de Cultura, Juventud y Deporte - Diputación Foral de Gipuzkoa
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net